XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Eta orain bai, ea, kontaiguzu, kontaiguzu! Ihesik zatoz!? -Itauntzen dio Klaudik.

- Bai... ihesik nator bai, bi hankadunek Inglaterra deitzen dioten lurralde euritsu eta hotzetik hain zuzen ere.

- Baina... zer dela eta? Okerrik egin al duzu edo? Tratu txarrik jaso? - Harriduraz Estefanik.

- Beno... istorio nahiko luze eta astuna da, eta ez dut uste aspertzea nahiko duzuenik, ezta? -Erantzuten dio Karolinek gar ahulaz.

Baina ez al zenekien behiok txutxu-mutxuka eta inori sabela betetzeko munduratuak izan garela??? Eta ez dugula beste zereginik, behin eta berriz jaten jardutea edo elkarrekin solasaldian aritzea baino!? - Klaudik asaldaturik.

- Inglaterrako behiok... ba... nahiko ezberdinak gara zuekiko...eta...

Behi alferrak!!!!! Zuen zuzendari den narratzailea ari zaizue hitz egiten! Irakurleari istorio interesgarri bat kontatzeko kontratatu zintuztedan, ezzzz!! Ba utzi marmarka iharduteari eta ekin lanari behingozzz! Zaldiak aukeratu behar nituen, zaldiak!!!

- Entzun dion zuendariari... -Mariek burua jaitsiz.

- Ongi da: Inglaterrako hegoaldean dagoen herrixka bateko borda handi eta ongi zaindutako batean eman nituen nire lehenbiziko pausu trakets eta segurtasunik gabekoak.

Ez da urte gehegi igaro hau gertatu zenetik, dagoeneko, agian lau edo bost urte izango dira Inglaterran hain ohizkoak diren arrats lainotsu eta giro txarreko batean ene amaren sabela utzi nuenetik; sarritan kontatu dizkit ni sortu ninduenak, beretako hain ahaztezinak izan ziren momentu haiei buruzko gora-beherak.

Antza denez, hiru gizon mardulen indarra beharrezkoa izan zen ni bezalako txahal gizen eta egokiro hazitako bat munduratzeko.

Berak zioenez, egundoko muturrekoak hartu nituen urratsak ongi ematen ikasi baino lehenago, inguruetako edozein txahalek baino esne gehiago edaten omen nuelarik ene bizitzako hasierako egun hunkigarri haietan.

Amaren berotasuna lortu nahian sortzen nituen hots haiek, munduko izaki hotz eta sentimendu gabekoena ere samurtzen ei zuten eta malkotan jarri sentiberena.

Nik neuk gogoratzen ditudan estreineko irudietan, nire ama eta gure bordako jabea zen Tom gizakume arduratsua azaltzen dira, azkenengo honen seme zen John, bere aitaren gibelean izuturik ezkutatu nahian dagoelarik: garai haietan John ere nahiko gaztetxoa zen, nirekin batera hazitakoa baita.

Gure aurrean egongo balitz bezala gogora dezaket nire amaren itxura, bere gorputz sendo eta behar den eran gizendutakoarekin: planta ikusgarrikoa zen hura, lehiaketa ugaritan saritutakoa, esne sortzailerik onena esnetarako behien artean.